Badira
ehunera arte kontatu eta segitzen dutenak, erle
baten hegazkada arinak bezalakoak. Badira
ihintzaren gainetik oinutsik ibiltzea bezain umelak, bestelakoak
ere badira, oasirik gabeko basamortu lehorrak
Eman
eta har ditzagun, ez
du axola hemen edo han, baina
infernuko suak hoztu gaitzan, behar
ez dena esan, klarionaz
loreak marraztu, eta
deabruak dioena ahapetik errepikatu.
Badira
benetakoak, faltsuak, itsuak, gorrak, mutuak. Badira
memento txarrenetan emandakoak, eta
behar direnean agertzeaz ahantzi direnak. Badira
gorriak, arrosak, liliak eta eguzki errainuak.
Eman
eta har ditzagun, ez
du axola hemen edo han, baina
infernuko suak hoztu gaitzan, behar
ez dena esan, klarionaz
loreak marraztu, eta
deabruak dioena ahapetik errepikatu.
Badira
ez direnak, eta
ai! ai ez diren batzuk izango balira. Badira
gira eta bira, zuzen eta trakets, badira
mirabe, badira alkate.
“Hor
dago diamantea eta arkatzaren arteko kontraste hori. Diamantea
gogorra da, eta arkatza hauskorra. Elementu berarekin eginda daude,
karbonoarekin, baina, diamante batekin ezin duzu idatzi eta
arkatzarekin bai, idaztean ahal da, hauskorra delako, pertsonak
bezala.”
Kirmen
Uriberen hitzok leidu nituenean, gogoetara gidatu ninduten, zulo
beltzek espazioko materia oro bere barnera erakartzen duten erara.
Kirmenen hitzak gogoetara, eta gogoetak barrera narama. Kate logikoa
agian ez, baina, logika kateatua,bai. Eta
hemen naukazue berriz, barrez.
Barre
egiten dut, hitz hauetan diamantea islatuta ikusten dudalako:
gogorra, bere buruaz ziur dagoena, besteak baino distira gehiago
duena, kirolari aparta, taldeko liderra.
Barre
egiten dut, hor dagoelako arkatza: apala, zalantzaz betea du bere
burua, ospelean bizi da, ez da kirola egiteko jaio, diamanteari
jarraitzen dio.
Jarraitzen
dio, bere modukoa izan nahi duelako, gogorra, kirolaria. Jarraitzen
dio, mundu honetan diamantea harri bitxi kontsideratzen delako, eta
bera berriz ez.
Barre
egiten dut, eta bai, baliotsua da diamantea, baina ezin du idatzi. Ez
da sortzailea, harribitxia izan arren, ez ditu bitxikeriak egiten,
esaten, idazten, pentsatzen. Horretarako, horretarako arkatza dago.
Arkatzak egiten du diamanteak egiten ez dituenak.
Barre
egiten dut, heziko gaituzte diamante izan nahi izateko, diamanteari
jarraitzeko. Baina, arkatza, arkatza da, diamantearen elementu
berarekin eginda dago, eta mundu honetan diamante bezain baliotsua
da, beharrezkoa, nahiz eta berak jakin ez.
Barre
egiten dut, arkatza folio zuri baten aurrean kokatuta dagoelako.
Zoriontsu, zer edo zer egiteko kapaz sentitzen delako; marraztu,
idatzi, zirrimarratu
Barre
egiten dut, arkatza baliotsua sentitzen delako orain. Barre
egiten dut, aurkitu du bere tokia, aurkitu du.
Barre
egiten dut, barre,
geuk
ere geure tokia aurkituko dugulako.
PD: Mezu positibo bat, kanta positibo bategaz atondu behar zan
Ohol eta teila artetik irristatzen diran eguzki errainuak burupean daukan potxingoan islatu, eta instant batean bada ere kaosa argitzen dabe.
Arnasots bat...
Ahotik dario, zorura doa, apurka-apurka potxingoa handiagotzen ari da... apurka-apurka. Itxaropena tantaka tantaka bere gorputzetik ihes egiten, apurka-apurka...
Arnasots bat...
"Aita, ama eta arreba maiteak. Asko gurotzuet!", malko artean oihukatuko lieke.
Nahi, baina ezin.
Lagun guztiei, bere irribarrerik politena eskeiniko lieke.
Nahi, baina ezin.
Neskatxa berezi horri, zoragarria dala gogoratuko lioke.
Nahi, baina ezin.
Arnasots bat...
Ezin horrek dauka atezuan, segunduro goibelago. Begiak lanbrotu jakoz. Aititegaz txinberagaz tiro egiten pasatutako arratsaldeak oroitzen ari da, txolarre bat zer zan ikasi ebanean. "Ehiza" ostean, buru-belarri ipinten zan Grimm anaien ipuinak leiduten.
Arnasots bat...
Hotza jatorko hanketatik gora, zain guztiak zeharkatzen. Ezkaratzeko laukidun mantel berdearen aurrean ikusten dau bere burua, amamak maiteki egiten eutsozan gatzatuen zaporeaz gozatzen.
Hor nengoen ni, Parisko katakonbetan, zeruaren txikitasunetik ihesi.
- Charlier! –garrasi egin nuen piromalabaristaren atentzioa neureganatu gurean– Ba al dakizu egunez suaren laguna denak gauetan galtzontziloetan umeltasuna nabaritzen duela?
- Hobe galtzontziloak umel kakaztuak baino.
Suari nion beldurra gogorarazi zidan barre artean. Hain zuzen ere, barrea zen argien aditzen niona. Charlier iparraldeko euskaldun berria zen, Eskuilakoa. Haurtzaro gogorra bizi izan zuen. Nik aitarekin 3000 piezako puzzlea osatzen nuen bitartean; umezurtz geratu berri, osabaren lantegian fresatzeko makina baten aurrean zebilen, piezak paleetan pilatzen zituelarik. Umetako bizipen horiek arima eta bihotza gogortu, eta oskola lodi batez estali zizkion. Hotza zen Charlier, izotz ziztorrak baino hotzagoa. Bere hoztasun horrek aldiz, ingurua baretzen zuen, erosotasun sentsazio transmititzen zuen, transmititzen zidan, bederen.
Narruzko sofa lizundu batean jarrita nengoen. Malguki batzuk begi-bistan zituen, bakar bat nire koxisa zulatzen ziharduen, hala ere, inoiz egon naizen tokirik erosoena iruditzen zitzaidan. Nire alboan Teeby zegoen, Charlieren txakurra, Danes handia arrazakoa zen. Ez nion sekula nola zuen hain txakur garestia galdetu. Ez zitzaidan inporta. Handia eta beldurgarria zen, bikain babestuko gintuen behar izanez gero, horrekin nahikoa nuen. Teeby niri begira zegoen, harri eta zur eginda, esperoan, zer edo zer gertatuko zain. Baita gertatu ere, erretzen nengoen marihuana kanutoaren usain eta ke leuna zeharkatuz, hats izugarria heldu zitzaidan, nengoen trantzetik atera ninduen bat-batean. Teeby isatsa mugitzen hasi zen; lasaitu ederra hartu zuen kanidoak.
- Charlier! Zu eta txakurra: sua eta gasa. Bikote leherkorra!
Barreka hasi ginen, memento hartan ohartu nintzen egoerataz: etxetik ihes egin berri, ezagutzen ez nuen piromarabarista eta bere txakur uzkerrontziaren konpainian, maitasunaren hiriaren estoldez inguratuta eta dudazko etorkizuna aurrean. Baina, ba al dakizue zer? Maslow-en piramidearen gailurrera iritsi nintzen, han nengoen.
Kanutoari zupada berri bat ematen nion bitartean, beste eskua luzatu eta musika-irakurgailuari bolumena igo nion. That's great pentsatu nuen, kantaren lehen akordeak entzuten hasi nintzanean...
I wanna love you, and treat you right! I wanna love you, every day and every night!
Hor nengoen ni, Parisko katakonbetan, zeruko txikitasunetik ihesi.
Beti bizi izan naiz berotasunetik urrun. Epeltasuna zer den ere ez dakit. Inguruak baldintzatu nauela diote, apika. Itxuraz hotza banaiz, izatez, are hotzagoa, hermetikoa.
Bai, zuzen dabiltza, hotza naiz.
Txikiagoa naizelako, euren mailara iritsi ezin dudala entzun behar izaten dut. Ezin dudala euren pare dirdir egin, ezin naizela nabarmendu. Txikia naizelako, diote.
Bai, zuzen dabiltza, txikia eta iluna naiz.
Xelebrea, bitxia naiz. Nire eszentrikotasuna ulertzen dihardute. Nik esaten diet, "utzi ezazue, ni beti izan naiz holakoa, nire kaxara egiten dut jira eta bira".
Bai, zuzen dabiltza, eszentrikoa naiz.
Euren bezalakoa ez naizela, desberdina naizela esan berri dute. Baztertu egin naute, nanoa, ipotxa naizela argudiatuz. Barre eginez egiten didate berba.
Bai, zuzen dabiltza, ez naiz euren bezalakoa.
Nik ez diet desberdinak direla esango, ez ditut baztertuko, ez diet barre egingo.
Egingo dudan bakarra, nire kaxara jira eta bira jarraitzea da. Bai, nire hoztasun, iluntasun, eszentrikotasun eta txikitasunetik.
Ez, orain ez lotsatu, ez. Esadazue, esadazue zer naizen.
Ni, ni beti izan eta izango naizelako berdina, ni...
Gasteiz, goizeko zazpiak laurden gutxi dira. Badira bi aste fronte polarrak hanka egin zuenetik, baina, giharrak gogortzeko adinako hotza badago. Hala ere, hotzak ez dio pausu tinko eta bizia moteltzen, hor dihoa, burua beste leku batean duelarik, alde zaharreko kaleetatik zehar.
Aspaldi itxitako denda baten kartelean jarri du begirada. Kartelak aspaldi galdu zuen bizia eta kolorea. Arropa denda bat zen, Petachos izenekoa. Burua jaitsi baino lehen aurrekoa bezain zaharkituta dagoen kartel bati erreparatu dio, ondoko dendakoa. Petalos jartzen du, aspaldi loradenda izandakoa.
Nahi gabe, kale oso bat kartelez betetzeko izenak etorri zaizkio burura;
Petacos, bideojokoen txokoa.
Petardos, su artifizial denda.
Petaka, alkohol denda.
Petardas, sex-shopa.
Petanka, pertsona nagusien bilgunea.
...
Irudimenezko munduan Petakalea eraikiko zuen, Admsterdameko kale ospetsuena izatera iritsiko zen. Izurra izurtzen, NBAko jokalari bat jarriko zen kalearen ardurapean, haren izena, Peteri Koponen.
Burutapenei erreparatu dio eta, barreka hasi da. Maletatzar bat arrastaka daraman neska ile-horidun batekin gurutzatu da, eta honek jarri duen aurpegiaren ondorioz barreari utzi dio.
Barrea eten, eta burutapen guztiak aienatu zaizkio. Arnasa hartzeko astirik eman gabe, buruak bidai berri bat hasi du. Orain gela txiki batera joan da. Ohe baten jesarrita dago. Gela ezaguna egiten zaio, atsegina. Ingurua arakatzen hasi da.
Hormak zuri-zuriak, argazki batzuk dotoreziaz apaintzen dituzte hormak, maitasunez. Zuritasuna areagotzen armairu handi bat dago. Hainbat apal ere badaude, liburuak eta argazkiak daude paperei konpainia egiten. Gela osoa argi laranja batek gozatzen du. Lurretik botata arropak daude...
Gela osoa arakatu du, berezko keinuz gorpua jausten utzi, eta ohean etzan da. Zerbait sumatu du ezkerraldean, izara artean, begiratu eta...
Gasteizko kaleetan zehar, pausu tinko eta biziez, kendu ezin duen irribarre absurduarekin jarraitzen du autobus geltokirako bidea...
...zoriontsua dirudi.
Gidariak ateak itxi bezain pronto Mp3aren musikan jarri du arreta;
“...Amets gaiztoa zaitut,
goiz orotako ispilua,
itzuli nazazu
ahalketua, ahalketua...”
Barrezka ari da orain ere...
...zoriontsua da...
zorioneko zoriontsua!