domingo, 9 de junio de 2013

Karbonoaren kontuak

“Hor dago diamantea eta arkatzaren arteko kontraste hori. Diamantea gogorra da, eta arkatza hauskorra. Elementu berarekin eginda daude, karbonoarekin, baina, diamante batekin ezin duzu idatzi eta arkatzarekin bai, idaztean ahal da, hauskorra delako, pertsonak bezala.”

Kirmen Uriberen hitzok leidu nituenean, gogoetara gidatu ninduten, zulo beltzek espazioko materia oro bere barnera erakartzen duten erara. Kirmenen hitzak gogoetara, eta gogoetak barrera narama. Kate logikoa agian ez, baina, logika kateatua,bai.
Eta hemen naukazue berriz, barrez.

Barre egiten dut, hitz hauetan diamantea islatuta ikusten dudalako: gogorra, bere buruaz ziur dagoena, besteak baino distira gehiago duena, kirolari aparta, taldeko liderra. 

Barre egiten dut, hor dagoelako arkatza: apala, zalantzaz betea du bere burua, ospelean bizi da, ez da kirola egiteko jaio, diamanteari jarraitzen dio.

Jarraitzen dio, bere modukoa izan nahi duelako, gogorra, kirolaria. Jarraitzen dio, mundu honetan diamantea harri bitxi kontsideratzen delako, eta bera berriz ez.

Barre egiten dut, eta bai, baliotsua da diamantea, baina ezin du idatzi. Ez da sortzailea, harribitxia izan arren, ez ditu bitxikeriak egiten, esaten, idazten, pentsatzen. Horretarako, horretarako arkatza dago. Arkatzak egiten du diamanteak egiten ez dituenak.   

Barre egiten dut, heziko gaituzte diamante izan nahi izateko, diamanteari jarraitzeko. Baina, arkatza, arkatza da, diamantearen elementu berarekin eginda dago, eta mundu honetan diamante bezain baliotsua da, beharrezkoa, nahiz eta berak jakin ez.

Barre egiten dut, arkatza folio zuri baten aurrean kokatuta dagoelako. Zoriontsu, zer edo zer egiteko kapaz sentitzen delako; marraztu, idatzi, zirrimarratu

Barre egiten dut, arkatza baliotsua sentitzen delako orain.
Barre egiten dut, aurkitu du bere tokia, aurkitu du.

Barre egiten dut, barre,

geuk ere geure tokia aurkituko dugulako.


PD: Mezu positibo bat, kanta positibo bategaz atondu behar zan