Bai, zuzen dabiltza, hotza naiz.
Txikiagoa naizelako, euren mailara iritsi ezin dudala entzun behar izaten dut. Ezin dudala euren pare dirdir egin, ezin naizela nabarmendu. Txikia naizelako, diote.
Bai, zuzen dabiltza, txikia eta iluna naiz.
Xelebrea, bitxia naiz. Nire eszentrikotasuna ulertzen dihardute. Nik esaten diet, "utzi ezazue, ni beti izan naiz holakoa, nire kaxara egiten dut jira eta bira".
Bai, zuzen dabiltza, eszentrikoa naiz.
Euren bezalakoa ez naizela, desberdina naizela esan berri dute. Baztertu egin naute, nanoa, ipotxa naizela argudiatuz. Barre eginez egiten didate berba.
Bai, zuzen dabiltza, ez naiz euren bezalakoa.
Nik ez diet desberdinak direla esango, ez ditut baztertuko, ez diet barre egingo.
Egingo dudan bakarra, nire kaxara jira eta bira jarraitzea da. Bai, nire hoztasun, iluntasun, eszentrikotasun eta txikitasunetik.
Ez, orain ez lotsatu, ez. Esadazue, esadazue zer naizen.
Ni, ni beti izan eta izango naizelako berdina, ni...
Pluton planeta
(NAEak 2006an egindako batzar nagusiaren ostean)