- Charlier! –garrasi egin nuen piromalabaristaren atentzioa neureganatu gurean– Ba al dakizu egunez suaren laguna denak gauetan galtzontziloetan umeltasuna nabaritzen duela?
- Hobe galtzontziloak umel kakaztuak baino.
Suari nion beldurra gogorarazi zidan barre artean. Hain zuzen ere, barrea zen argien aditzen niona. Charlier iparraldeko euskaldun berria zen, Eskuilakoa. Haurtzaro gogorra bizi izan zuen. Nik aitarekin 3000 piezako puzzlea osatzen nuen bitartean; umezurtz geratu berri, osabaren lantegian fresatzeko makina baten aurrean zebilen, piezak paleetan pilatzen zituelarik. Umetako bizipen horiek arima eta bihotza gogortu, eta oskola lodi batez estali zizkion. Hotza zen Charlier, izotz ziztorrak baino hotzagoa. Bere hoztasun horrek aldiz, ingurua baretzen zuen, erosotasun sentsazio transmititzen zuen, transmititzen zidan, bederen.
Narruzko sofa lizundu batean jarrita nengoen. Malguki batzuk begi-bistan zituen, bakar bat nire koxisa zulatzen ziharduen, hala ere, inoiz egon naizen tokirik erosoena iruditzen zitzaidan. Nire alboan Teeby zegoen, Charlieren txakurra, Danes handia arrazakoa zen. Ez nion sekula nola zuen hain txakur garestia galdetu. Ez zitzaidan inporta. Handia eta beldurgarria zen, bikain babestuko gintuen behar izanez gero, horrekin nahikoa nuen. Teeby niri begira zegoen, harri eta zur eginda, esperoan, zer edo zer gertatuko zain. Baita gertatu ere, erretzen nengoen marihuana kanutoaren usain eta ke leuna zeharkatuz, hats izugarria heldu zitzaidan, nengoen trantzetik atera ninduen bat-batean. Teeby isatsa mugitzen hasi zen; lasaitu ederra hartu zuen kanidoak.
- Charlier! Zu eta txakurra: sua eta gasa. Bikote leherkorra!
Barreka hasi ginen, memento hartan ohartu nintzen egoerataz: etxetik ihes egin berri, ezagutzen ez nuen piromarabarista eta bere txakur uzkerrontziaren konpainian, maitasunaren hiriaren estoldez inguratuta eta dudazko etorkizuna aurrean. Baina, ba al dakizue zer? Maslow-en piramidearen gailurrera iritsi nintzen, han nengoen.
Kanutoari zupada berri bat ematen nion bitartean, beste eskua luzatu eta musika-irakurgailuari bolumena igo nion. That's great pentsatu nuen, kantaren lehen akordeak entzuten hasi nintzanean...
I wanna love you, and treat you right!
I wanna love you, every day and every night!
Hor nengoen ni, Parisko katakonbetan, zeruko txikitasunetik ihesi.