jueves, 22 de octubre de 2015

Ni, sentimendu andana...

Sentimedu andana bat naiz,
usain eta zapore guztietakoak.
Mingotsak agertzen dira maíz,
ehuneko hamar, ehunekoak.

Zerua, zorua eta zizarea izan nahi dut,
ostondutako orbela, orbeletako ospela.
Oinazeen aintziran hondoratzera behartuz
oskoldutako bihotzaren poz zimela.

Sentimendu andana bat naiz,
Zintzoen azokako errealitatearen gezur,
Egiaren bidetik isiltasuna nahi,
egiaren bidetik helmugaren beldur.

Zurea, zoroa eta zirrara izan nahi dut,
lazerian kenduz, oparotasunean ipiniz.
Onak, txarrak, olagarroa eta izarrak,
bizitza sentitu sentimenduak biziz!

Bizitza erail sentimenduak biziz!


PD: Aix...Sentimentuak eta aix...giza kontzientzia... Rust Cohlen esaldi bat utziko dizuet honen harira:


lunes, 21 de octubre de 2013

BADIRA

Badira ehunera arte kontatu eta segitzen dutenak,
erle baten hegazkada arinak bezalakoak.
Badira ihintzaren gainetik oinutsik ibiltzea bezain umelak,
bestelakoak ere badira, oasirik gabeko basamortu lehorrak


Eman eta har ditzagun,
ez du axola hemen edo han,
baina infernuko suak hoztu gaitzan,
behar ez dena esan,
klarionaz loreak marraztu,
eta deabruak dioena ahapetik errepikatu.


Badira benetakoak, faltsuak, itsuak, gorrak, mutuak.
Badira memento txarrenetan emandakoak,
eta behar direnean agertzeaz ahantzi direnak.
Badira gorriak, arrosak, liliak eta eguzki errainuak.


Eman eta har ditzagun,
ez du axola hemen edo han,
baina infernuko suak hoztu gaitzan,
behar ez dena esan,
klarionaz loreak marraztu,
eta deabruak dioena ahapetik errepikatu.


Badira ez direnak,
eta ai! ai ez diren batzuk izango balira.
Badira gira eta bira, zuzen eta trakets,
badira mirabe, badira alkate.


Eman eta har ditzagun, beraz,
ez du axola hemen edo han.


PD: Sarrera borobiltzeko, B.B.King erregea!




domingo, 9 de junio de 2013

Karbonoaren kontuak

“Hor dago diamantea eta arkatzaren arteko kontraste hori. Diamantea gogorra da, eta arkatza hauskorra. Elementu berarekin eginda daude, karbonoarekin, baina, diamante batekin ezin duzu idatzi eta arkatzarekin bai, idaztean ahal da, hauskorra delako, pertsonak bezala.”

Kirmen Uriberen hitzok leidu nituenean, gogoetara gidatu ninduten, zulo beltzek espazioko materia oro bere barnera erakartzen duten erara. Kirmenen hitzak gogoetara, eta gogoetak barrera narama. Kate logikoa agian ez, baina, logika kateatua,bai.
Eta hemen naukazue berriz, barrez.

Barre egiten dut, hitz hauetan diamantea islatuta ikusten dudalako: gogorra, bere buruaz ziur dagoena, besteak baino distira gehiago duena, kirolari aparta, taldeko liderra. 

Barre egiten dut, hor dagoelako arkatza: apala, zalantzaz betea du bere burua, ospelean bizi da, ez da kirola egiteko jaio, diamanteari jarraitzen dio.

Jarraitzen dio, bere modukoa izan nahi duelako, gogorra, kirolaria. Jarraitzen dio, mundu honetan diamantea harri bitxi kontsideratzen delako, eta bera berriz ez.

Barre egiten dut, eta bai, baliotsua da diamantea, baina ezin du idatzi. Ez da sortzailea, harribitxia izan arren, ez ditu bitxikeriak egiten, esaten, idazten, pentsatzen. Horretarako, horretarako arkatza dago. Arkatzak egiten du diamanteak egiten ez dituenak.   

Barre egiten dut, heziko gaituzte diamante izan nahi izateko, diamanteari jarraitzeko. Baina, arkatza, arkatza da, diamantearen elementu berarekin eginda dago, eta mundu honetan diamante bezain baliotsua da, beharrezkoa, nahiz eta berak jakin ez.

Barre egiten dut, arkatza folio zuri baten aurrean kokatuta dagoelako. Zoriontsu, zer edo zer egiteko kapaz sentitzen delako; marraztu, idatzi, zirrimarratu

Barre egiten dut, arkatza baliotsua sentitzen delako orain.
Barre egiten dut, aurkitu du bere tokia, aurkitu du.

Barre egiten dut, barre,

geuk ere geure tokia aurkituko dugulako.


PD: Mezu positibo bat, kanta positibo bategaz atondu behar zan


domingo, 31 de marzo de 2013

-313-

Arnasots bat...

Ohol eta teila artetik irristatzen diran eguzki errainuak burupean daukan potxingoan islatu, eta instant batean bada ere kaosa argitzen dabe.

Arnasots bat...

Ahotik dario, zorura doa, apurka-apurka potxingoa handiagotzen ari da... apurka-apurka. Itxaropena tantaka tantaka bere gorputzetik ihes egiten, apurka-apurka...

Arnasots bat...

"Aita, ama eta arreba maiteak. Asko gurotzuet!", malko artean oihukatuko lieke.
Nahi, baina ezin.
Lagun guztiei, bere irribarrerik politena eskeiniko lieke.
Nahi, baina ezin.
Neskatxa berezi horri, zoragarria dala gogoratuko lioke.
Nahi, baina ezin.

Arnasots bat...

Ezin horrek dauka atezuan, segunduro goibelago. Begiak lanbrotu jakoz. Aititegaz txinberagaz tiro egiten pasatutako arratsaldeak oroitzen ari da, txolarre bat zer zan ikasi ebanean. "Ehiza" ostean, buru-belarri ipinten zan Grimm anaien ipuinak leiduten.

Arnasots bat...

Hotza jatorko hanketatik gora, zain guztiak zeharkatzen. Ezkaratzeko laukidun mantel berdearen aurrean ikusten dau bere burua, amamak maiteki egiten eutsozan gatzatuen zaporeaz gozatzen.

Arnasots bat
Malko lehor bat
Arnasots bat
Izua eta herstura
Arnasots...

313. hildakoa, besterik ez



martes, 26 de febrero de 2013

Chapter 0

Hor nengoen ni, Parisko katakonbetan, zeruaren txikitasunetik ihesi.

- Charlier! –garrasi egin nuen piromalabaristaren atentzioa neureganatu gurean– Ba al dakizu egunez suaren laguna denak gauetan galtzontziloetan umeltasuna nabaritzen duela?

- Hobe galtzontziloak umel kakaztuak baino.

 Suari nion beldurra gogorarazi zidan barre artean. Hain zuzen ere, barrea zen argien aditzen niona. Charlier iparraldeko euskaldun berria zen, Eskuilakoa. Haurtzaro gogorra bizi izan zuen. Nik aitarekin 3000 piezako puzzlea osatzen nuen bitartean; umezurtz geratu berri, osabaren lantegian fresatzeko makina baten aurrean zebilen, piezak paleetan pilatzen zituelarik. Umetako bizipen horiek arima eta bihotza gogortu, eta oskola lodi batez estali zizkion. Hotza zen Charlier, izotz ziztorrak baino hotzagoa. Bere hoztasun horrek aldiz, ingurua baretzen zuen, erosotasun sentsazio transmititzen zuen, transmititzen zidan, bederen.

 Narruzko sofa lizundu batean jarrita nengoen. Malguki batzuk begi-bistan zituen, bakar bat nire koxisa zulatzen ziharduen, hala ere, inoiz egon naizen tokirik erosoena iruditzen zitzaidan. Nire alboan Teeby zegoen, Charlieren txakurra, Danes handia arrazakoa zen. Ez nion sekula nola zuen hain txakur garestia galdetu. Ez zitzaidan inporta. Handia eta beldurgarria zen, bikain babestuko gintuen behar izanez gero, horrekin nahikoa nuen. Teeby niri begira zegoen, harri eta zur eginda, esperoan, zer edo zer gertatuko zain. Baita gertatu ere, erretzen nengoen marihuana kanutoaren usain eta ke leuna zeharkatuz, hats izugarria heldu zitzaidan, nengoen trantzetik atera ninduen bat-batean. Teeby isatsa mugitzen hasi zen; lasaitu ederra hartu zuen kanidoak.

- Charlier! Zu eta txakurra: sua eta gasa. Bikote leherkorra!

 Barreka hasi ginen, memento hartan ohartu nintzen egoerataz: etxetik ihes egin berri, ezagutzen ez nuen piromarabarista eta bere txakur uzkerrontziaren konpainian, maitasunaren hiriaren estoldez inguratuta eta dudazko etorkizuna aurrean. Baina, ba al dakizue zer? Maslow-en piramidearen gailurrera iritsi nintzen, han nengoen.

 Kanutoari zupada berri bat ematen nion bitartean, beste eskua luzatu eta musika-irakurgailuari bolumena igo nion. That's great pentsatu nuen, kantaren lehen akordeak entzuten hasi nintzanean...

 I wanna love you, and treat you right!
 I wanna love you, every day and every night!

 Hor nengoen ni, Parisko katakonbetan, zeruko txikitasunetik ihesi.

miércoles, 30 de enero de 2013

Esadazue zer naizen

Beti bizi izan naiz berotasunetik urrun. Epeltasuna zer den ere ez dakit. Inguruak baldintzatu nauela diote, apika. Itxuraz hotza banaiz, izatez, are hotzagoa, hermetikoa.

Bai, zuzen dabiltza, hotza naiz.

Txikiagoa naizelako, euren mailara iritsi ezin dudala entzun behar izaten dut. Ezin dudala euren pare dirdir egin, ezin naizela nabarmendu. Txikia naizelako, diote.

Bai, zuzen dabiltza, txikia eta iluna naiz.

Xelebrea, bitxia naiz. Nire eszentrikotasuna ulertzen dihardute. Nik esaten diet, "utzi ezazue, ni beti izan naiz holakoa, nire kaxara egiten dut jira eta bira".

Bai, zuzen dabiltza, eszentrikoa naiz.

Euren bezalakoa ez naizela, desberdina naizela esan berri dute. Baztertu egin naute, nanoa, ipotxa naizela argudiatuz. Barre eginez egiten didate berba.

Bai, zuzen dabiltza, ez naiz euren bezalakoa.
Nik ez diet desberdinak direla esango, ez ditut baztertuko, ez diet barre egingo.
Egingo dudan bakarra, nire kaxara jira eta bira jarraitzea da. Bai, nire hoztasun, iluntasun, eszentrikotasun eta txikitasunetik.

Ez, orain ez lotsatu, ez. Esadazue, esadazue zer naizen.

Ni, ni beti izan eta izango naizelako berdina, ni...





Pluton planeta
(NAEak 2006an egindako batzar nagusiaren ostean)

lunes, 5 de marzo de 2012

Dotore esnatu zara aste...

Gasteiz, goizeko zazpiak laurden gutxi dira. Badira bi aste fronte polarrak hanka egin zuenetik, baina, giharrak gogortzeko adinako hotza badago. Hala ere, hotzak ez dio pausu tinko eta bizia moteltzen, hor dihoa, burua beste leku batean duelarik, alde zaharreko kaleetatik zehar.

Aspaldi itxitako denda baten kartelean jarri du begirada. Kartelak aspaldi galdu zuen bizia eta kolorea. Arropa denda bat zen, Petachos izenekoa. Burua jaitsi baino lehen aurrekoa bezain zaharkituta dagoen kartel bati erreparatu dio, ondoko dendakoa. Petalos jartzen du, aspaldi loradenda izandakoa.

Nahi gabe, kale oso bat kartelez betetzeko izenak etorri zaizkio burura;
Petacos, bideojokoen txokoa.
Petardos, su artifizial denda.
Petaka, alkohol denda.
Petardas, sex-shopa.
Petanka, pertsona nagusien bilgunea.
...
Irudimenezko munduan Petakalea eraikiko zuen, Admsterdameko kale ospetsuena izatera iritsiko zen. Izurra izurtzen, NBAko jokalari bat jarriko zen kalearen ardurapean, haren izena, Peteri Koponen.

Burutapenei erreparatu dio eta, barreka hasi da. Maletatzar bat arrastaka daraman neska ile-horidun batekin gurutzatu da, eta honek jarri duen aurpegiaren ondorioz barreari utzi dio.

Barrea eten, eta burutapen guztiak aienatu zaizkio. Arnasa hartzeko astirik eman gabe, buruak bidai berri bat hasi du. Orain gela txiki batera joan da. Ohe baten jesarrita dago. Gela ezaguna egiten zaio, atsegina. Ingurua arakatzen hasi da.

Hormak zuri-zuriak, argazki batzuk dotoreziaz apaintzen dituzte hormak, maitasunez. Zuritasuna areagotzen armairu handi bat dago. Hainbat apal ere badaude, liburuak eta argazkiak daude paperei konpainia egiten. Gela osoa argi laranja batek gozatzen du. Lurretik botata arropak daude...

Gela osoa arakatu du, berezko keinuz gorpua jausten utzi, eta ohean etzan da. Zerbait sumatu du ezkerraldean, izara artean, begiratu eta...

Gasteizko kaleetan zehar, pausu tinko eta biziez, kendu ezin duen irribarre absurduarekin jarraitzen du autobus geltokirako bidea...
...zoriontsua dirudi.


Gidariak ateak itxi bezain pronto Mp3aren musikan jarri du arreta;

“...Amets gaiztoa zaitut,
goiz orotako ispilua,
itzuli nazazu
ahalketua, ahalketua...”

Barrezka ari da orain ere...
...zoriontsua da...
zorioneko zoriontsua!

domingo, 15 de mayo de 2011

marraren marmarra


Marra paraLeloa naiz,
infinitoan ere zure ondoan, baina inoiz ez zurekin.
Marra paraLeloa naiz,
musika idazteko balio dut,
entzun ez dezakedan musika.
Marra paraLeloa naiz,
zurekiko perpendikulartasuna saihestuz, kontra doazela gurutzatzen diran zuzen arrotzak ez izateko.
Marra paraLeloa naiz,
mozketa xume bat nahiko nuke ordea, bakar bat.
Ebaki puntura hurbiltzean zure gozotasuna sentitzeko.
Elkar gurutzatu! Biak bat instant batean! Zoramena...
betirako elkar urrunduz, infinituan desagertuz.

Bitartean, marra paraLeloa izaten jarraituko dut,
bihotz zirkular berri baten tangente izateko esperoan.

Bop

Sarrera borobiltzeko.
Iraganaren malenkonia gozoa eta etorkizunaren zalantzak gogorarazten dizkidalako.
Momentu txarretan hor dagoena, laguntzeko prest. Bakardadean entzun beharrekoa...

martes, 3 de mayo de 2011

Kolore sailkapen taxugabea

Koloreak argiari esker antzematen baditugu, eta,
argi desberdinak badaude.
Zeinek esan malkoak berdeak, ametsak horiak eta
irribarreak arrosak ez direnik?

Bop

lunes, 25 de abril de 2011

BEE! BEE!


Ez, ez dut ingelesera jauzi egingo erleen goxotasuna maitasunarekin eta oroitzapenekin lotuko duen metafora eraikitzeko.

Bee! Bee! Bee! Bee!

Batzuk ozenago, baina hitz batez artaldeek munduari zabaltzen dioten mezua da, Bee! Originala ez, baina elkarbizitzaren bitartez barneratutako errutina da.
Halaxe dira artaldeak, Bee!, monotonoak, txakur ergelek gidatuak.

Bee!ti bee!gira, bee!ldurti, bee!steen bee!zero.
Nola aldatu lanbrotutako gizartea?

Bee! bee! bee!
bee original my friend! Beerriztu, mundua ez delako soinu eta kolore bakarreko, ardi beeltzak ere badaudelako.
Garuna astindu, nortasun propioa eta gizabanakoa beerretsi!

Bop

miércoles, 20 de abril de 2011

Little miss sunshine



Euria ari du, eguerdiko ordu biak izan arren gauerdia dirudi.
Tximistak laino ilun potoloetatik irten, eta larre erdiko arbola zaharra erdibitu du.
Sua dario herail berri duten aitona pagoaren erraietatik.
Su horren bizitasunak eternitatea ezagutuko dutenak badaudela gogorarazi dit.

Lagun pagoa adibidez,
suak ez du suntsitu,
suak, lurra eraberritu eta berriz erraldoi bilakatzeko abagunea oparitu dio.

Ekaitz trumoiak.
Iskanbila, kaosa hemen eta orain dirau.
Momentu hauetan dena da ezer.

Joango dira, eta berriz dama argitsua agertuko.
Mundua mezu disdiratsuz betez,
bizipen eztiak eta irri zalapartatsuak ere eternitate ezagutuko dutela diozku.

Kasu egin beharko ezta?


Bop Patricio!

miércoles, 9 de febrero de 2011

Don Vito Berlusconi



Italiarrek bizi izan dute dikatura bat, Mussolinirena. Orain XXI.mendeko Europa demokratan diktadura batetik oso urrun ez dagoen erregimen politikoa bizi dute, Berlusconiren gobernua. Honek bere interes propioei lehentasuna ematen die nazioaren interesen aurrean, eta parlamentua bere nahietara manipulatzen du. Botoak erosi, la cosa nostragaz tratuak egin,...
Eta horrela izango da Legitimo impediemnto lortu arte, hau da presidenteak duten inmunitatea presidente ohiak ere izan dezaten. Modu horretan epaitu gabeko karguetaz aske geratuko litzateke.
Txarrena agian ez da presidenteak egiten duena, berari inork ez badio inolako trabarik jartzen, zergaitik ez du demokrazia gainean txis egingo ( El vocablo democracia deriva del griego DEMOS: pueblo y KRATOS: gobierno o autoridad, y significa gobierno o autoridad del pueblo, ondorioz, herriari txis egiten dio). Harritzekoa da berriz, mundu osoak dakiela il cavalierik egiten duena, baina, ez dago nazioarteko erakundeetan, ezta ere beste herrialde boteretsuenetan erreakziorik korrupzio honen aurrean. Ez du gobernu buru bakar batek ere bere iritzia ematen gertatzen denaren gainean. Bestalde, ulertu daiteke pasibotasun hau, hauteskundeetan botua ematen badiote. Eta jakin soberan dakite nolako “politika”egiten duen, hots, Italiarrek merezita dute euren herriak duen itxura barregarria mundu osoan.
Cría cuervos y te sacaran los ojos.

martes, 21 de diciembre de 2010

Zaldiak


Teknologia berriek gure barneko sentimenduei, egon ezinean dauden zaldi basatiei legez, harresiak hautsi dizkiete.
Orain, zelaietatik libre, irrintzika dabiltza.

Zaldiak basatiak dira, baina, azken finean gureak dira.

Larre berde berriak erakargarriak dira oso. Sen basatiak kementsu, lotsagabe bultzatzen ditu arineketaldira.
Etxerako bidea ez dakitela ohartu gabe.

Zaldien gosea, gure gosea da.
Zaldien etsipena, gure etsipena da.
Zaldien gaixotasunak, gure gaixotasunak dira.
Zaldien malkoak, gure malkoak dira.


Zaldiak noraezean, galduta dabiltza, baina, azken finean gureak dira.
Tentuz ibili harresiak hausterakoan, azken finean...




...gu zaldi basatiak gara.

domingo, 19 de diciembre de 2010

Capitalism rules the world


Gdeim Izik protesta kanpamendua, Saharar herritarrentzat lan baldintza duinak, tratu berdintasuna eta desertuak dituen baliabide naturalen ustiapen egokia eskatzeko sortu zuen Frente Polisarioak. Marokoko gobernuak onartu ezin duenez Saharar herriak bizi duen egoera tamalgarria aldarrikatzea eta euren protestak nazioarteko oihartzuna izatea, hasieratik armadaren ekimenei esker kanpamendua ahalik eta isilen mantendu dute. Horretarako nazioarteko prentsari ateak itxi eta kanpamenduari literalki harresi bat jarri zioten. Eta azkenik egoera zaildu zenean kanpamendua desagerraraztea erabaki zuten Azaroaren 5ean. Isolamendu egoerari esker ezer gutxi jakin du munduak bertan gertatutakoari buruz; hildakoen, zauritutakoen eta desagertutakoen kopurua ezezaguna da eta. Baina egoeraren testuinguruari begiratuta ezin da aurreikuspen baikorrik egin.

Zergatik mantentzen du Marokok Saharar herriaren ahotsa isilpean ?
Bertan gertatzen dena legala ez delako. Arazo honen lehen urratsak begiratzen baditugu, 1975eko deskolonizazio prozesuan sinatu zen Madrilgo akordioak ez du inongo legimitaterik. Nazioarteko araudiak dioen arabera, deskolonizazio prozesu guztietan herri deskolonizatuak bere etorkizuna erreferendum bidez aukeratzeko eskubidea du, beraz, Espainiak martxa berdearen aurrean ez ikusiarenak egiteak ( Marokok eskainitako onura ekonomikoen ondorioz ) eta Marokok egindako inbasioa guztiz ilegalak dira.

Aspaldiko kontuak direla eta, gaur egun deskolonizazio erreferenduma egiten bada arazoa konponduko dela pentsa dezakegu. Baina ez da horrela, inbasioak sortutako diaspora Sahararra Argeliako desertuetara, 91an ONUren eskutik egin zen saiakeraren antzekoak zapuztu ditu. 91An Saharar herriaren errolda egin zen, erreferenduma aurrera eramateko, nahiz eta azkenean ezer ezean geratu. Baina, lehen aipatutako diaspora horrek 200.000 Saharaui eraman zituen Argeliara, gaur egun historiako errefuxiatu kanpamendurik iraunkorrenena da. Ihes egin ez zutenak berriz, Marokoarren menpe bizi dira euren herrian, non Marokoar biztanleak gehiengoa diren. Beraz, ezinezkoa da errolda bat egitea, eta ondorioz erreferenduma. Beraz Maroko eta bere asmo zapaltzaileak alde batera utzita, Espainiar estatua ere egoera honen errudun da, nahiz eta akats garrantzitsuena aspaldi egina egon.

Estatu barruan indarkeria kondenatzen ez bada akordio batera iristeko aukerarik ez badago, eta are gutxiago politika egiteko, nola onartu dezakete estatu Espainiarrak Marokok Saharan egiten duena ? Aspaldiko tratu ekonomikoak galtzeko beldur ote dira? Beraz estatu barruan indarkeria aurka borrokatzea bada agenda politikoaren lehentasuna, nazioarteko mugak gainditu ala, interes ekonomikoak printzipio guztiak zaramara botatzen ditu. Ezaugarria asko izango ditu gobernu honek, baina hau ikusita, koherentzia eta sinesgarritasuna horien artean ez daudela argi geratu da.

Elian Gonzalez izenagatik galdetzen bada, askok jakingo dute nor den, Kubako “el niño balsero“. Baina berriz, Nayem Elghari esaten denean gutxi batzuek jakingo dute, nahiz eta Elianen kasua orain dela 10 urtekoa izan eta Nayemena berriz, 2 hilebetekoa. 14 urte zituela Gdeim Izik kanpamendura sartzeko prest zegoenean hil egin zuten militar marokoarrak. Zergatik dago hainbesteko oihartzun desberdintasuna bi kasuen artean? Bata bestea baino larriago izanda. Munduko nazio boteretsuenen interesak jokoan daudelako. Sahara desertu bat baino gehiago da, bertan munduko fosfato mea handienak daude, eta gas natural eta petroleo putzuak. Marokok Estatu Batuetako eta Frantziako multinazional garrantzitsuei baimena eman dio putzu eta mea horrek ustiatzeko, noski, trukean zerbait lortzeko, nazioarteko babesa. Bai, ondo irakurri duzue, nazioarteko babesa.

Badago erakunde bat , Nazio Batuen Erakundea, bere helburu nagusien artean nazioarteko zuzenbidea, ordenua, garapen ekonomiko eta soziala eta giza eskubideak bermatzea duena. Baina badirudi mundua leku bidezko eta justu bat bezala mozorrotzeko balio duela, benetako erabakiak eta babesa, tristea iruditu arren, multinazionalak hartzen eta ematen dituztelako. Capitalism rules the world.

miércoles, 17 de noviembre de 2010

Txirri, kyoto eta txiribiton



Animalien migrazioa bidaldi sinple bat baino askoz gehiago da. Guztiz antolatutako taldekako bidai bat, behar bezalako prestaketa eta borondate gogorra eskatzen dituena. Urtero errepikatzen dira; aro, leku eta egoera berdinetan. Animaliak automata moduan belaunaldiz belaunaldi genen bitartez transmititu dizkieten portaerak gauzatzen dituzte. Ez du tamainak inporta, helburuak soilik. Elikatzeko eta ugaltzeko leku aproposera iritzi arte ez dute etsiko. Aipagarriena Txarran artikoaren kasua da. 40 zentimetroko luzera eta 125 gramo eskaz dituen hegaztiak, urtean 80.000 km egiten ditu, munduan existitzen den migraziorik luzeena da. Hegazti hau nekaezina da, eta helmugara heltzeko jartzen zaizkion estimulu guztiak alde batera utziz bere bidai lerrozuzena, migrazioen ezaugarri nagusienetako bat, gauzatuko du. Baina utzi dezagun Felix Rodriguez de la Fuentesenak egiteari eta joan gaitezen harira. Ikusi dugu migrazioa naturarentzat bizi-zikloaren parte dela, munduaren errutina bat nolabait esateko. Baina azken urteotan hainbat eta hainbat albiste entzun ditugu hegaztien migrazio azturen aldaketei buruz. Koralen degradazio eta izurriteen gehikuntzarekin batera aldaketa klimatikoaren islada argiena da.

Gure eguneroko bizitzan, animaliek ez bezala, ez ditugu aldaketa klimatikoaren ondorioak ia nabaritzen. Udan bero gehixeago, neguan hots apur bat handiagoa. Huskeriak gure egunerokoarentzat. Baina horrek ez du esan nahi hor ez daudenik. Datuen arabera XX.mendean zehar karbono dioxidoa %25ean gehitu zen, oxido nitrosoa %16an eta metanoa %100ean. Gehiketa hauek 1900.urtetik aurrera tenperatura 0,3 eta 0,6 gradu tartean igotzea eragin zuen. Gauzak aldatu ezean aurreikuspenen arabera datozen 100-150 urteotan tenperatura globala 2,5 gradu igoko da. Ondorioz, kasko polarra urtzea eta itsas-mailaren igotzea eragingo luke. Adibide hurbil bat: 2050erako Ebro delta arriskuan egongo litzateke, Mediterraneo itsasoa 32 zentimetro igoko litzatekeelako. Ikusten dugunez ondorio traketsak ez daude hain urrun, heltzen diren arte itxaron behar ote dugu?

Kyoton, munduko 125 estatu bildu ziren 1997an aldaketa klimatikoari aurre egiteko. Helburua 1990ko egoerarekin konparatuz 2012an gasen emisioa %5,2a murriztea zen. Europak bere osotasunean onartu zuen, eta betetzeko prest agertzen da oraindik. Emisioak %8an murriztea ezarri zitzaion kontinente zaharrari, baina protokoloaren arabera estatu batzuek, Espainiarraren kasuan, euren emisioak %15erarte igo ditzake, eta horrela egin du estatu Espainiarrak. Nork ulertu dezake aldaketa klimatikoaren aurkako protokolo batean estatu bati euren emisioa handitzeko aukera begiestea? Bestalde EEBBen ezezko berria, mundu osoko emisioen %25aren erruduna izanik, eta Japonia, Zelanda berria, Australia eta Kanadaren hasierako ezezkoak dira oztoporik handienak mundu oparo bat mantentzeko borrokan. Ondorioz, orain dela 13 urte saldu zigutena, estatuen ezezkoz eta baiezko-ezezkoz bete zaigu. Argi geratu zaigu beraz, naturaren eta ondorioz munduaren aurretik estatuek badituztela hainbat lehentasun. Boterea eta dirua besteak beste. Kyotoko protokoloa grazia gabeko pailazoa bihurtuz.

Beti gaude zirkuez eta pailazoez hizketan, hobe genuke beste ikuspegi batetik arazoak begiratzea. Geure ikuspegitik. Eta geure buruari galdetu, zer egin dezakegu guk? Kasu interesgarri bat topatu nuen. Pittsburghen egindako ikerketa bat. Helburua egun berde baten emaitzak ikustea zen. Ikertzaileek zeuzkaten datuen arabera egun berde horren simulazioa egin zuten. Horretarako autobus publikoetan zeuden lekuak bete, lanera joateko autoa konpartitzea duten eta gidatzea ekologikoa egiten duten pertsonen kopurua bikoiztu zuten. Datu harrigarriak lortu zituzten. Hirian berotegi efektua sortzen duten gasen emisioaren murrizketak, kaleetatik 370 auto kenduko zituen, eta 808.943 litro gasolina aurreztuko lirateke. 0,60 euro litroko badira, 534 euro gutxiagoko gastua egongo zen hiritarrentzat. Adibide honekin argi geratu da gobernuez aparte gu geu ere errudunak bagarela. Eta gure eguneroko ohiturak apur bat aldatuz gero, ez ditugu animalien eta landareen bizitza-zikloak zapuztuko. Eurek inork baino hobeto ulertzen dutelako naturaren esanahia, mundu honen oparotasuna dakarrena. Benetan munduko izaki adimentsuenak bagara, ez dezagun adibidez, auto potente eta kutsagarrienak erosi. Erabili ditzagun ditugun baliabideak zentzuz, gu baino adimen gutxiago duten animalien moduan. Gugatik, gure oinordekoengatik, naturagatik, munduagatik
.

miércoles, 27 de octubre de 2010

Nayem Zubet Elghari




14 urterekin jolasean dabiltza gazteak nire herrian. Kirolen bat egiten, bideojokoekin poz-pozik begiak hipotekatuz edo orain arte klasekide ziren gizakiekin ( neskak ) izango duten harreman luze ( eta batzutan ulertezina ) horren lehen pausuak ematen. Bidezkoa izen ez arren leku askotan gauzak ez dira horrela.


Nayem Zubet Elghari Saharan jaio zen, El Aaiún, RASD-eko hiriburuan ( frente polisarioak eta Marokoko gobernuak mantentzen duten liskarraren ondorioz tentsio handiko gunea da ). Eta ez, Nayem ez zebilen jolasean, protesta kampamendu batera sartzera zihoala Marokoko armadaren tiroketa baten ostean bizia galdu zuen.


Tragedia da gertatu dena, baina, tragedia baino zeozer gehiago, hondamendia agian, deritzot gure gizartean albiste mota hauekiko dugun jarrera eta ematen diegun harrera. Pasibotasun guztiz irakurtzen ditugu ( irakurtzen ditugula suposatuz ), eta egun bakarra pasatu ostean ahaztu egiten ditugu. Tristea da. Guk Belen Estebanen eta senarraren arteko tirabirak ikusten ditugun bitartean Nayem bezala milaka pertsona hiltzen dituzte.


Saia gaitetzen axolagabekeria baztertzen eta munduaren egoeraren aurrean erreflexioa egiten.



Munduagaitik



Nayemengaitik



martes, 8 de junio de 2010

Berreskuratu


Kliska bakoitzean galdu ditudan zure irribarrearen istant guztiak berreskuratu nahi ditut.

Erantzun jakina duten galderak argitzen galdu ditudan hitzak berreskuratu nahi ditut.

Autoek sortzen dituzten iskanbilek kendu dizkidaten isiltasun apatzak berreskuratu nahi ditut.

Paper-fabrikak lapurtu dizkidan lilien lurrin gozoa berreskuratu nahi dut.


Gehiegi eskatzen duen ameslaria ote naiz?

jueves, 18 de marzo de 2010

Krisia gora krisia behera...

Asteko azken egune, klaseko azken ordue.
Gure kazetaritza espezializatuko irakaslea klasera sartu ta...
Bueno neska-mutilok gaur Kazetaritza ekonomikoaz jardungo gara. ( Zas! ikustekoak klasekideen aurpegiak uff )

Beitu gauzak zelan diren, aspaldi klasien ez nintzan hain gustora egon.
Hasierako beharrezko teoriaren ostean krisiari buruz berbetan ibili gara.
Hortxe agertu da nire eguneko aurkikuntza Leopoldo Abadia.

Nor demontre ete da tipo hau ?

Industri ingenieri ikasi eta gaur egun irakasle ta idazle moduan jarduten dauan espainiarra.
Krisiari buruz egindako analisiagatik ospetzu bilakatu da.

Andreu Buenafuenteren programan krisia azaldu eban era dibertigarrian, danok ulertzeko moduan.
Benetan harrapatu egin nau tipo honen izaera. Hizlari bikaina eta niri gehien gustetan jaten ezaugarria dauka; Irribarrea beti ahoan. :)

Leopoldo handia jaja Klikatu!!
bop