lunes, 21 de octubre de 2013

BADIRA

Badira ehunera arte kontatu eta segitzen dutenak,
erle baten hegazkada arinak bezalakoak.
Badira ihintzaren gainetik oinutsik ibiltzea bezain umelak,
bestelakoak ere badira, oasirik gabeko basamortu lehorrak


Eman eta har ditzagun,
ez du axola hemen edo han,
baina infernuko suak hoztu gaitzan,
behar ez dena esan,
klarionaz loreak marraztu,
eta deabruak dioena ahapetik errepikatu.


Badira benetakoak, faltsuak, itsuak, gorrak, mutuak.
Badira memento txarrenetan emandakoak,
eta behar direnean agertzeaz ahantzi direnak.
Badira gorriak, arrosak, liliak eta eguzki errainuak.


Eman eta har ditzagun,
ez du axola hemen edo han,
baina infernuko suak hoztu gaitzan,
behar ez dena esan,
klarionaz loreak marraztu,
eta deabruak dioena ahapetik errepikatu.


Badira ez direnak,
eta ai! ai ez diren batzuk izango balira.
Badira gira eta bira, zuzen eta trakets,
badira mirabe, badira alkate.


Eman eta har ditzagun, beraz,
ez du axola hemen edo han.


PD: Sarrera borobiltzeko, B.B.King erregea!




domingo, 9 de junio de 2013

Karbonoaren kontuak

“Hor dago diamantea eta arkatzaren arteko kontraste hori. Diamantea gogorra da, eta arkatza hauskorra. Elementu berarekin eginda daude, karbonoarekin, baina, diamante batekin ezin duzu idatzi eta arkatzarekin bai, idaztean ahal da, hauskorra delako, pertsonak bezala.”

Kirmen Uriberen hitzok leidu nituenean, gogoetara gidatu ninduten, zulo beltzek espazioko materia oro bere barnera erakartzen duten erara. Kirmenen hitzak gogoetara, eta gogoetak barrera narama. Kate logikoa agian ez, baina, logika kateatua,bai.
Eta hemen naukazue berriz, barrez.

Barre egiten dut, hitz hauetan diamantea islatuta ikusten dudalako: gogorra, bere buruaz ziur dagoena, besteak baino distira gehiago duena, kirolari aparta, taldeko liderra. 

Barre egiten dut, hor dagoelako arkatza: apala, zalantzaz betea du bere burua, ospelean bizi da, ez da kirola egiteko jaio, diamanteari jarraitzen dio.

Jarraitzen dio, bere modukoa izan nahi duelako, gogorra, kirolaria. Jarraitzen dio, mundu honetan diamantea harri bitxi kontsideratzen delako, eta bera berriz ez.

Barre egiten dut, eta bai, baliotsua da diamantea, baina ezin du idatzi. Ez da sortzailea, harribitxia izan arren, ez ditu bitxikeriak egiten, esaten, idazten, pentsatzen. Horretarako, horretarako arkatza dago. Arkatzak egiten du diamanteak egiten ez dituenak.   

Barre egiten dut, heziko gaituzte diamante izan nahi izateko, diamanteari jarraitzeko. Baina, arkatza, arkatza da, diamantearen elementu berarekin eginda dago, eta mundu honetan diamante bezain baliotsua da, beharrezkoa, nahiz eta berak jakin ez.

Barre egiten dut, arkatza folio zuri baten aurrean kokatuta dagoelako. Zoriontsu, zer edo zer egiteko kapaz sentitzen delako; marraztu, idatzi, zirrimarratu

Barre egiten dut, arkatza baliotsua sentitzen delako orain.
Barre egiten dut, aurkitu du bere tokia, aurkitu du.

Barre egiten dut, barre,

geuk ere geure tokia aurkituko dugulako.


PD: Mezu positibo bat, kanta positibo bategaz atondu behar zan


domingo, 31 de marzo de 2013

-313-

Arnasots bat...

Ohol eta teila artetik irristatzen diran eguzki errainuak burupean daukan potxingoan islatu, eta instant batean bada ere kaosa argitzen dabe.

Arnasots bat...

Ahotik dario, zorura doa, apurka-apurka potxingoa handiagotzen ari da... apurka-apurka. Itxaropena tantaka tantaka bere gorputzetik ihes egiten, apurka-apurka...

Arnasots bat...

"Aita, ama eta arreba maiteak. Asko gurotzuet!", malko artean oihukatuko lieke.
Nahi, baina ezin.
Lagun guztiei, bere irribarrerik politena eskeiniko lieke.
Nahi, baina ezin.
Neskatxa berezi horri, zoragarria dala gogoratuko lioke.
Nahi, baina ezin.

Arnasots bat...

Ezin horrek dauka atezuan, segunduro goibelago. Begiak lanbrotu jakoz. Aititegaz txinberagaz tiro egiten pasatutako arratsaldeak oroitzen ari da, txolarre bat zer zan ikasi ebanean. "Ehiza" ostean, buru-belarri ipinten zan Grimm anaien ipuinak leiduten.

Arnasots bat...

Hotza jatorko hanketatik gora, zain guztiak zeharkatzen. Ezkaratzeko laukidun mantel berdearen aurrean ikusten dau bere burua, amamak maiteki egiten eutsozan gatzatuen zaporeaz gozatzen.

Arnasots bat
Malko lehor bat
Arnasots bat
Izua eta herstura
Arnasots...

313. hildakoa, besterik ez



martes, 26 de febrero de 2013

Chapter 0

Hor nengoen ni, Parisko katakonbetan, zeruaren txikitasunetik ihesi.

- Charlier! –garrasi egin nuen piromalabaristaren atentzioa neureganatu gurean– Ba al dakizu egunez suaren laguna denak gauetan galtzontziloetan umeltasuna nabaritzen duela?

- Hobe galtzontziloak umel kakaztuak baino.

 Suari nion beldurra gogorarazi zidan barre artean. Hain zuzen ere, barrea zen argien aditzen niona. Charlier iparraldeko euskaldun berria zen, Eskuilakoa. Haurtzaro gogorra bizi izan zuen. Nik aitarekin 3000 piezako puzzlea osatzen nuen bitartean; umezurtz geratu berri, osabaren lantegian fresatzeko makina baten aurrean zebilen, piezak paleetan pilatzen zituelarik. Umetako bizipen horiek arima eta bihotza gogortu, eta oskola lodi batez estali zizkion. Hotza zen Charlier, izotz ziztorrak baino hotzagoa. Bere hoztasun horrek aldiz, ingurua baretzen zuen, erosotasun sentsazio transmititzen zuen, transmititzen zidan, bederen.

 Narruzko sofa lizundu batean jarrita nengoen. Malguki batzuk begi-bistan zituen, bakar bat nire koxisa zulatzen ziharduen, hala ere, inoiz egon naizen tokirik erosoena iruditzen zitzaidan. Nire alboan Teeby zegoen, Charlieren txakurra, Danes handia arrazakoa zen. Ez nion sekula nola zuen hain txakur garestia galdetu. Ez zitzaidan inporta. Handia eta beldurgarria zen, bikain babestuko gintuen behar izanez gero, horrekin nahikoa nuen. Teeby niri begira zegoen, harri eta zur eginda, esperoan, zer edo zer gertatuko zain. Baita gertatu ere, erretzen nengoen marihuana kanutoaren usain eta ke leuna zeharkatuz, hats izugarria heldu zitzaidan, nengoen trantzetik atera ninduen bat-batean. Teeby isatsa mugitzen hasi zen; lasaitu ederra hartu zuen kanidoak.

- Charlier! Zu eta txakurra: sua eta gasa. Bikote leherkorra!

 Barreka hasi ginen, memento hartan ohartu nintzen egoerataz: etxetik ihes egin berri, ezagutzen ez nuen piromarabarista eta bere txakur uzkerrontziaren konpainian, maitasunaren hiriaren estoldez inguratuta eta dudazko etorkizuna aurrean. Baina, ba al dakizue zer? Maslow-en piramidearen gailurrera iritsi nintzen, han nengoen.

 Kanutoari zupada berri bat ematen nion bitartean, beste eskua luzatu eta musika-irakurgailuari bolumena igo nion. That's great pentsatu nuen, kantaren lehen akordeak entzuten hasi nintzanean...

 I wanna love you, and treat you right!
 I wanna love you, every day and every night!

 Hor nengoen ni, Parisko katakonbetan, zeruko txikitasunetik ihesi.

miércoles, 30 de enero de 2013

Esadazue zer naizen

Beti bizi izan naiz berotasunetik urrun. Epeltasuna zer den ere ez dakit. Inguruak baldintzatu nauela diote, apika. Itxuraz hotza banaiz, izatez, are hotzagoa, hermetikoa.

Bai, zuzen dabiltza, hotza naiz.

Txikiagoa naizelako, euren mailara iritsi ezin dudala entzun behar izaten dut. Ezin dudala euren pare dirdir egin, ezin naizela nabarmendu. Txikia naizelako, diote.

Bai, zuzen dabiltza, txikia eta iluna naiz.

Xelebrea, bitxia naiz. Nire eszentrikotasuna ulertzen dihardute. Nik esaten diet, "utzi ezazue, ni beti izan naiz holakoa, nire kaxara egiten dut jira eta bira".

Bai, zuzen dabiltza, eszentrikoa naiz.

Euren bezalakoa ez naizela, desberdina naizela esan berri dute. Baztertu egin naute, nanoa, ipotxa naizela argudiatuz. Barre eginez egiten didate berba.

Bai, zuzen dabiltza, ez naiz euren bezalakoa.
Nik ez diet desberdinak direla esango, ez ditut baztertuko, ez diet barre egingo.
Egingo dudan bakarra, nire kaxara jira eta bira jarraitzea da. Bai, nire hoztasun, iluntasun, eszentrikotasun eta txikitasunetik.

Ez, orain ez lotsatu, ez. Esadazue, esadazue zer naizen.

Ni, ni beti izan eta izango naizelako berdina, ni...





Pluton planeta
(NAEak 2006an egindako batzar nagusiaren ostean)

lunes, 5 de marzo de 2012

Dotore esnatu zara aste...

Gasteiz, goizeko zazpiak laurden gutxi dira. Badira bi aste fronte polarrak hanka egin zuenetik, baina, giharrak gogortzeko adinako hotza badago. Hala ere, hotzak ez dio pausu tinko eta bizia moteltzen, hor dihoa, burua beste leku batean duelarik, alde zaharreko kaleetatik zehar.

Aspaldi itxitako denda baten kartelean jarri du begirada. Kartelak aspaldi galdu zuen bizia eta kolorea. Arropa denda bat zen, Petachos izenekoa. Burua jaitsi baino lehen aurrekoa bezain zaharkituta dagoen kartel bati erreparatu dio, ondoko dendakoa. Petalos jartzen du, aspaldi loradenda izandakoa.

Nahi gabe, kale oso bat kartelez betetzeko izenak etorri zaizkio burura;
Petacos, bideojokoen txokoa.
Petardos, su artifizial denda.
Petaka, alkohol denda.
Petardas, sex-shopa.
Petanka, pertsona nagusien bilgunea.
...
Irudimenezko munduan Petakalea eraikiko zuen, Admsterdameko kale ospetsuena izatera iritsiko zen. Izurra izurtzen, NBAko jokalari bat jarriko zen kalearen ardurapean, haren izena, Peteri Koponen.

Burutapenei erreparatu dio eta, barreka hasi da. Maletatzar bat arrastaka daraman neska ile-horidun batekin gurutzatu da, eta honek jarri duen aurpegiaren ondorioz barreari utzi dio.

Barrea eten, eta burutapen guztiak aienatu zaizkio. Arnasa hartzeko astirik eman gabe, buruak bidai berri bat hasi du. Orain gela txiki batera joan da. Ohe baten jesarrita dago. Gela ezaguna egiten zaio, atsegina. Ingurua arakatzen hasi da.

Hormak zuri-zuriak, argazki batzuk dotoreziaz apaintzen dituzte hormak, maitasunez. Zuritasuna areagotzen armairu handi bat dago. Hainbat apal ere badaude, liburuak eta argazkiak daude paperei konpainia egiten. Gela osoa argi laranja batek gozatzen du. Lurretik botata arropak daude...

Gela osoa arakatu du, berezko keinuz gorpua jausten utzi, eta ohean etzan da. Zerbait sumatu du ezkerraldean, izara artean, begiratu eta...

Gasteizko kaleetan zehar, pausu tinko eta biziez, kendu ezin duen irribarre absurduarekin jarraitzen du autobus geltokirako bidea...
...zoriontsua dirudi.


Gidariak ateak itxi bezain pronto Mp3aren musikan jarri du arreta;

“...Amets gaiztoa zaitut,
goiz orotako ispilua,
itzuli nazazu
ahalketua, ahalketua...”

Barrezka ari da orain ere...
...zoriontsua da...
zorioneko zoriontsua!

domingo, 15 de mayo de 2011

marraren marmarra


Marra paraLeloa naiz,
infinitoan ere zure ondoan, baina inoiz ez zurekin.
Marra paraLeloa naiz,
musika idazteko balio dut,
entzun ez dezakedan musika.
Marra paraLeloa naiz,
zurekiko perpendikulartasuna saihestuz, kontra doazela gurutzatzen diran zuzen arrotzak ez izateko.
Marra paraLeloa naiz,
mozketa xume bat nahiko nuke ordea, bakar bat.
Ebaki puntura hurbiltzean zure gozotasuna sentitzeko.
Elkar gurutzatu! Biak bat instant batean! Zoramena...
betirako elkar urrunduz, infinituan desagertuz.

Bitartean, marra paraLeloa izaten jarraituko dut,
bihotz zirkular berri baten tangente izateko esperoan.

Bop

Sarrera borobiltzeko.
Iraganaren malenkonia gozoa eta etorkizunaren zalantzak gogorarazten dizkidalako.
Momentu txarretan hor dagoena, laguntzeko prest. Bakardadean entzun beharrekoa...