
Gdeim Izik protesta kanpamendua, Saharar herritarrentzat lan baldintza duinak, tratu berdintasuna eta desertuak dituen baliabide naturalen ustiapen egokia eskatzeko sortu zuen Frente Polisarioak. Marokoko gobernuak onartu ezin duenez Saharar herriak bizi duen egoera tamalgarria aldarrikatzea eta euren protestak nazioarteko oihartzuna izatea, hasieratik armadaren ekimenei esker kanpamendua ahalik eta isilen mantendu dute. Horretarako nazioarteko prentsari ateak itxi eta kanpamenduari literalki harresi bat jarri zioten. Eta azkenik egoera zaildu zenean kanpamendua desagerraraztea erabaki zuten Azaroaren 5ean. Isolamendu egoerari esker ezer gutxi jakin du munduak bertan gertatutakoari buruz; hildakoen, zauritutakoen eta desagertutakoen kopurua ezezaguna da eta. Baina egoeraren testuinguruari begiratuta ezin da aurreikuspen baikorrik egin.
Zergatik mantentzen du Marokok Saharar herriaren ahotsa isilpean ?
Bertan gertatzen dena legala ez delako. Arazo honen lehen urratsak begiratzen baditugu, 1975eko deskolonizazio prozesuan sinatu zen Madrilgo akordioak ez du inongo legimitaterik. Nazioarteko araudiak dioen arabera, deskolonizazio prozesu guztietan herri deskolonizatuak bere etorkizuna erreferendum bidez aukeratzeko eskubidea du, beraz, Espainiak martxa berdearen aurrean ez ikusiarenak egiteak ( Marokok eskainitako onura ekonomikoen ondorioz ) eta Marokok egindako inbasioa guztiz ilegalak dira.
Aspaldiko kontuak direla eta, gaur egun deskolonizazio erreferenduma egiten bada arazoa konponduko dela pentsa dezakegu. Baina ez da horrela, inbasioak sortutako diaspora Sahararra Argeliako desertuetara, 91an ONUren eskutik egin zen saiakeraren antzekoak zapuztu ditu. 91An Saharar herriaren errolda egin zen, erreferenduma aurrera eramateko, nahiz eta azkenean ezer ezean geratu. Baina, lehen aipatutako diaspora horrek 200.000 Saharaui eraman zituen Argeliara, gaur egun historiako errefuxiatu kanpamendurik iraunkorrenena da. Ihes egin ez zutenak berriz, Marokoarren menpe bizi dira euren herrian, non Marokoar biztanleak gehiengoa diren. Beraz, ezinezkoa da errolda bat egitea, eta ondorioz erreferenduma. Beraz Maroko eta bere asmo zapaltzaileak alde batera utzita, Espainiar estatua ere egoera honen errudun da, nahiz eta akats garrantzitsuena aspaldi egina egon.
Estatu barruan indarkeria kondenatzen ez bada akordio batera iristeko aukerarik ez badago, eta are gutxiago politika egiteko, nola onartu dezakete estatu Espainiarrak Marokok Saharan egiten duena ? Aspaldiko tratu ekonomikoak galtzeko beldur ote dira? Beraz estatu barruan indarkeria aurka borrokatzea bada agenda politikoaren lehentasuna, nazioarteko mugak gainditu ala, interes ekonomikoak printzipio guztiak zaramara botatzen ditu. Ezaugarria asko izango ditu gobernu honek, baina hau ikusita, koherentzia eta sinesgarritasuna horien artean ez daudela argi geratu da.
Elian Gonzalez izenagatik galdetzen bada, askok jakingo dute nor den, Kubako “el niño balsero“. Baina berriz, Nayem Elghari esaten denean gutxi batzuek jakingo dute, nahiz eta Elianen kasua orain dela 10 urtekoa izan eta Nayemena berriz, 2 hilebetekoa. 14 urte zituela Gdeim Izik kanpamendura sartzeko prest zegoenean hil egin zuten militar marokoarrak. Zergatik dago hainbesteko oihartzun desberdintasuna bi kasuen artean? Bata bestea baino larriago izanda. Munduko nazio boteretsuenen interesak jokoan daudelako. Sahara desertu bat baino gehiago da, bertan munduko fosfato mea handienak daude, eta gas natural eta petroleo putzuak. Marokok Estatu Batuetako eta Frantziako multinazional garrantzitsuei baimena eman dio putzu eta mea horrek ustiatzeko, noski, trukean zerbait lortzeko, nazioarteko babesa. Bai, ondo irakurri duzue, nazioarteko babesa.
Badago erakunde bat , Nazio Batuen Erakundea, bere helburu nagusien artean nazioarteko zuzenbidea, ordenua, garapen ekonomiko eta soziala eta giza eskubideak bermatzea duena. Baina badirudi mundua leku bidezko eta justu bat bezala mozorrotzeko balio duela, benetako erabakiak eta babesa, tristea iruditu arren, multinazionalak hartzen eta ematen dituztelako. Capitalism rules the world.